Eredua
Zero Zabor eredua da Garbitaniaren ardatza
Ahalik eta hondakin gutxien sortzea eta ahal bezainbat berrerabili eta birziklatzea da helburua.
Naturan, berez, ez da zaborrik sortzen. Guztiak du bere zikloa eta ziklo hori ez da inoiz eteten, inoiz ez da ezer baliogabe bihurtzen. Gizakia da zaborra sortzen duen izaki bakarra. Kontsumo-gizartea guztia erosi, erabili eta botatzean oinarritzen da, baina hori ez da bideragarria ez etikoki, ezta ekonomikoki eta ekologikoki ere.
Zero Zabor ereduak horri guztiari buelta ematen dio. Batere zaborrik ez sortzea da helburua, eta horretarako gizarte-eredua bera aldatu behar da. Jarduera ekonomiko guztiek hondakinak gutxitu, berrerabili eta birziklatzera zuzenduta egon behar dute. Baten hondakinek bestearen lehengai izan behar dute, eta ez zabor.
Produktu eta zerbitzuen kostu erreala
Produktu eta zerbitzuen prezioak horiek sortzeak naturan eta gizakien osasunean utzi duen arrastoa islatu behar du. Horrela, ingurumenarekin eta gizakion osasunarekin errespetuzkoak diren produktuak hala egiten ez direnak baino merkeagoak izango dira.
Dirulaguntza kutsagarri eta xahutzailerik ez
Kutsadura, energia-kontsumoa eta natura kaltetzea lehengaiak erauzi eta kudeatzean hasten dira. Beren jarduera ekonomikoa horretan oinarritzen duten enpresa askok dirulaguntzak jasotzen dituzte erakunde publikoetatik, herritarron zergei esker. Dirulaguntza horiekin bukatu egin behar da, produktu berrerabilgarri eta birziklatuek merkatuan dagokien lekua izan dezaten.
Hondakinen arduraduna, fabrikatzailea
Fabrikatzailea da bere produktuetatik sortutako hondakinen arduraduna, eta ez kontsumitzailea. Fabrikatzailearen ardura da produktuak egiteko ahalik eta lehengai gutxien erabiltzea eta produktu horiek berrebilgarriak eta birziklagarriak izatea.
Lanpostu gehiago
Hondakinak zabortegi edo errauste-plantara eramateak lehengaiak ez ezik lanpostuak ere alferrik galtzen ditu. Hondakin birziklagarrien kudeaketak zabortegiek edo errauste-plantek baino hamar aldiz lanpostu gehiago sortzen dute.
Brenda A. Platt and David Morris, The Economic Benefits of Recycling (Washington, DC: Institute for Local Self-Reliance, February 1993).
Produktu eta zerbitzu iraunkorrak, berrerabilgarriak eta birziklagarria
Produktu eta zerbitzuak ahalik eta material mota gutxienarekin eta birziklatuekin egin behar dira, eta beren funtzioa galtzen dutenean, berrerabilgarriak edo birziklagarriak izan behar dute.
Behar bezalako inbertsioak
Erakunde publikoek zein enpresa pribatuek berrerabiltzea eta birziklatzea ahalbidetzen duten tratamendu zein balorizazioak lehenetsi behar dituzte.