Konposta egitea sukaldeko eta lorategi edo baratzeko hondakin organikoak landareentzako ongarri bihurtzea da. Etxeko konposta egiteak esan nahi du prozesu hori etxean bertan egingo dugula. Horrela, lurrarentzat ongarria izango dugu, eta landare osasuntsuagoak izango ditugu.
Bi metodologia nagusi erabili ohi dira norberak etxean bere hondakin organikoak konposta ditzan. Esan bezala, ezaugarri eta potentzialitate desberdinak dituzte biek, horregatik, ahalik eta etekin handiena ateratzeko biztanleria aztertu eta kanpainak egoki diseinatu behar dira.
Bi metodoak honako hauek dira:
Termokonposta
1. Konpostagailua zuzenean lurzoruaren gainean jarri.
Materia organikoa desegitean sortzen den zukua lurrera isurtzen da, eta inguruko landarediak baliatu egiten du.
Konpostagailua ez dugu inoiz zementuaren edo adreiluen gainean jarriko.
2. Materia hezea eta egituratzailea bolumen berdinetan nahastu.
Sukaldeko hondakinak, soropila eta landareen atal samurrak materia hezea dira, eta nitrogeno asko dute. Hostoak, inausketa-hondarrak, lastoa, txirbilak eta zerrautsa atal lehorrak dira, eta karbono asko dute.
3. Metatutakoa nahastu.
Nahasten dugunean, goiko geruza irauli behar dugu. Horrela, aireztatu egiten da eta hondakin organikoen geruzak ez dira trinkotzen. Ez da konpostagailu barruko meta guztia irauli behar.
4. Hezetasuna kontrolatu.
Meta ez da lehortzen utzi behar. Ureztatzen dugunean hedatzailearekin egin behar dugu, ura ondo banatuko dela ziurtatzeko.
Vermikonposta
Vermikonpostagailua zizareen bidez hondakin organikoak konpost bilakatzen dituen kaxa da, edozein lur-motaren gainean kokatu daitekeena. Metodo hau apur bat konplexuagoa eta garestiagoa da aurrekoa baino, baina, edozein familia interesatuk egiteko modukoa da, balkoian bertan ipini baitaiteke eta ez ezinbestean lorategi edo baratzean.
Kasu honetan prozesua zizareek egiten dute, eta euren osasuna kaltetu dezaketen hondakinak saihestu behar dira. Arrazoi honegatik, ezin zaizkio material organiko guztiak bota: limoiak, platano azalak, haragia, hezurrak… saihestu egin behar dira.
Etxeko konposta komunitatean
Komunitatean konposta egitea alternatiba erreala da gaur egun hiri-inguruetan. Termokonpostaje teknika bera erabiltzen da kasu honetan. Konpostagailu indibiduala izateko lekurik ez duten familiak elkartu, eta auzolanean egiten dute konposta.
Guztien artean adosten den lur-eremu publiko batean tamaina egokiko konposta-kaxa bat ipintzen zaie. Parte hartuko duten familia guztiei formazioa ematen zaie. Arduradun bat izendatzen da jardueraren jarraipena egin eta teknikariarekin harreman zuzena izan dezan.