Sentsibilizazioa eta partaidetza
Atez atezko bilketa selektiboa martxan jarri, eta hondakinek arazo izateari utz diezaioten, herritarrak hondakinen gaiaren inguruan sentsibilizatu eta partaide egin behar dira. Herritarren parte-hartzearekin eta sentsibilizazioarekin, hondakinek arazo izateari uzten diote.
Helburuak zehaztu
Lortu nahi diren behin betiko helburuak finkatzeko garaia da. Herritar, merkatari eta industria-poligonoak kontutan izanik, hauetara bilketa hedatzeko tenpusak erabakitzeko unea da.
Bilketaren dimentsionatzea
Bilketa ezarpenaren hedapena herritarren beharrak eta herriaren ezaugarriak kontuan hartuta dimentsionatu behar da. Herriaren bereizgarrietara, ohituretara edo mugimendu joeretara egokitzeko ahalmena du atez ateko bilketa selektiboak.
Kudeaketa-, koordinazio- eta informazio-bulegoen prestaketa
Informazio- eta koordinazio-gunea antolatu behar dira. Koordinazio-lanak burutzeko ezinbestekoa da koordinatzaile nagusi bat izendatzea.
Parte-hartze kanpaina
Eztia guztion lana da. Ezarpenaren aurreko azterketan lortutako emaitzak herritarrekin konpartitu eta haien beharrak zein ekarpenak jaso behar dira. Herritarrekin adostu behar da atez ateko bilketa selektiboak herrian bertan zein ezaugarri izango dituen: ordutegia, bilketa-egutegia, ekarpen-guneak, etab.
Etxean edo komunitatean konposta egitea bultzatzeko ekimenak landu
Zabortegietara edo errauste-plantetara eramaten diren hondakinen %41 inguru materia organikoa da. Materia organikoa arazo bihurtzen da beste lehengaiekin nahastuz gero, baina, berezita jasoz gero, birziklatzen errazena eta ekonomikoena da. Etxean bertan bihurtu daiteke konpost, baratzerako ongarri, alegia.
Herritarrak lagundu
Herritarrekin adosten den atez ateko bilketaren ezaugarriak etxe guztietara helarazi behar dira material didaktiko eta ulerterrazen bidez: gidak, imanak, sukaldeko kartelak, etab.
Azpiegiturak eta bilketa
Herriaren analisia egin, eta egoera aztertuta bilketa martxan jartzeko fasea da hau. Prozesu honetan egindako aldaketekin hasierako proiektua egokitu eta proiektu definitiboa itxiko dugu. Hiru fase bereizi daitezke atal honetan:
- Atez ate biltzen hasi aurretik, azpiegiturak prestatuko ditugu
- Atez ateko bilketarekin hasi
- Atez atekoaren jarraipena eta hobekuntzak
Bilketaren jarraipena eta aholkularitza
Atez ate biltzen hasi ondoren, ezinbestekoa da egokitzapenak egitea. Hori da bilketaren optimizazioa. Hasieran aurreikusitako datuak errealitatera egokitzeko unea da.
Emaitzen komunikazioa
Atez ateko bilketa selektiboaren 1. hilabeteko behin betiko emaitzak edukitzeko hilabete eta erdi behar da, gutxienez. Ondoren, herritarrei lortutako emaitzak jakinarazi behar zaizkie. Helburua, lortutako emaitzak etengabe hobetzea da, jasotako eztia geroz eta hobea izan dadin.