Hondakinak arazo bihurtu dira gure gizartean
Materialak sortu kontsumitu eta botatzeko ereduak gainezka egin du eta kutsadura- eta osasun-arazoak sortu ditu. Eredu lineal honekin amaitu beharra dagoela argi dago.
Hiri-hondakinak zenbakitan
2014an, Europako biztanle bakoitzak 395 kg hiri-hondakin sortu zuen. 2016an, berriz, 482 kg izan ziren (Eurostat). Bi urtean, hondakin-kopurua per kapita %22 handitu da. Erritmo horrekin jarraituz gero, 2020rako, biztanle bakoitzak 656kg botako dituela aurreikusten da. Gainera, ez dugu ahaztu behar zabor-konposaketa bera ere aldatu egin dela.
Eurostatek emandako datuen arabera, 2016an Europar Batasunean, batez beste, hondakinek honako tratamendu hau jaso zuten: birziklatu eta konpostatu zen hiri-hondakinen kopurua %47 izan zen, %25 zabortegira isuri zen eta gainontzeko %28a errauskailuetan erre zen.
Hondakin-mota ezberdinak eta hiri-hondakinak
Hondakin-mota ezberdinak bereizten dira: hiri-hondakinez gain, hondakin industrialak eta sanitarioak bereiz daitezke. Materialen sorreran oraindik ere hutsune nabarmenak daude, baina gaikako bilketan asko aurreratu da. Hiri-hondakinez gain, gainontzeko hondakinak gaika biltzen diren arren, hiri-hondakinak dira kutsadura sortzen duten hondakin aipagarrienak.
Irtenbidea, beraz, neurri handi batean, hiri-hondakinak gaika biltzea da, material bakoitzari dagokion bidea emanez eta birziklapen zikloan sartuz.
Ikerkuntzan hutsunea
Jarduera kutsakorretan gastatzen den dirua ikerkuntzan eta garapenean inbertituta bestelako egoera batean aurkituko ginateke.
Hondakina izango dena sortu aurretik benetan beharrezkoa ote den aztertu, eta bere berrerabilpen eta birziklapena planteatzea izango litzateke gakoetako bat; bestea, hondakinen tratamendua ikertu eta garatzea.
Irtenbidea: natura imitatzea
Eremu askotan bezala, gizakiak natura imitatzea besterik ez dauka. Naturak erabiltzen duen eredu zirkularra da gizakiak imitatu behar duena.
Ez du inork ukatzen irtenbideak bilatu behar direla, eta hondakinen gutxiago sortzea, prebentzioa, birziklatzea eta berrerabilpena direla oinarriak; baita erabiltzen dugun materialaren erabilpena tentuz burutzea ere.