Atez ateko sistemarekiko atxikimendu osoa
Hondakinak kudeatzeko sistema ekonomiko, eramangarri, hezitzaile, solidario eta finean egokiena denaren konbentzimendu osoak, sistema horren gaineko ikerketa, formazio eta jarraipena egitera bultzatzen gaitu. Helburua ez da hondakin-bilketa ezberdinen inguruko proiektu edo ezarpenak egitea. Gure apustua Zero Zabor eredu integrala da, atez ateko bilketa eta etxean zein komunitatean konposta egitea oinarri hartuta.
Auzolana
Erleek egiten duten gisan, eztia denon artean ekoitzi behar dugu. Hondakinek arazo izateari utz diezaioten, norbanako eta erakunde guztiek jarrera aktiboa izan eta erantzukizunez jokatu behar dugu. Guztiok hondakinen arazoan soluzioaren parte bilakatu behar dugu.
Ikerketa, industria eta hezkuntza
Hondakinen inguruko ikerketa, industria eta hezkuntza garatzea sustatuko dugu. Hondakinak ez ditugu arazotzat jotzen, etorkizun iraunkor eta aurrerakoi baterako aukera izan daitezke.
Zintzotasuna
Kapital sozialaren %100 publikoa den enpresa izanik ez dugu irabaziak pilatzeko ez asmorik ezta eginkizunik ere. Proiektuarekiko atxikimenduan oinarritzen gara eta kalitatezko zerbitzuak eskaintzeko, etengabeko formazioa, bidelagun berriak eta sistema hobetzea ditugu helburu. Bidean topa ditzakegun zailtasunen aurrean edo egin ditzakegun aurkikuntzen aurrean, zintzoki jokatzea eta jakintza hori elkarbanatzea dagokigu.
Bertako proiektua
Euskal Herritik Euskal Herrira sortutako proiektua izanik, oinarri gisa euskara jarri dugu. Edozein arlotan euskaraz komunikatu zein lan egiteko aspektua hasieratik bermatzen dugu.