Edukiontzien bilketa
Gaur egun, Euskal Herriko ia herri eta hiri guztietan edukiontzietan biltzen dira etxeko hondakinak. Hartara, beira, papera eta kartoia, eta ontzi arinak bereizita jasotzeko aukera dago.
Materia organikoa nahastuta biltzen duen sistema da, ordea. Materia organikoa zakarrontzira botatzen dugunaren %40 inguru da. Ondorioz, beira, ontziak eta, papera eta kartoia birziklatzeko ahalegina egin arren, kasurik onenean ere, bilketa selektiboak ez du %30eko langa gainditzen. Hau da, hondakinen %70 botatzen da zabortegira.
Materia organikoa nahastuta jasota, gainera, ez da legea betetzen. Europako zuzentarauen arabera, 5.000 biztanletik gorako herriek materia organikoa bereizita jaso behar dute 2001. urteaz gero, baina, zoritxarrez, oso herri gutxi dira legea betetzeko azpiegitura egokia dutenak, oraindik ere.
Bosgarren edukiontziarekin materia organikoa bereizita biltzeko aukera badago, baina aukera hori mugatua da. Programa horretan parte hartzeko borondatea agertzen duten herritarrek soilik bereizi dezakete materia organikoa.
Materia organikoa nahastuta jasotzeak ondorio kaltegarriak ditu
Materia organikoa beste hondakin toxikoekin nahastuta zabortegira botatzeak ondorio kaltegarriak ditu, ingurumenarentzat eta guztion osasunarentzat. Izan ere, materia organikoa hondakin toxikoekin nahastuta deskonposatzen bada, gas toxikoak eta lur azpiko ura poluitzen duten lixibiatuak sortzen dira.
Kalte zuzenena zabortegiaren inguruko bizilagunek pairatzen dute, sortzen diren usain txarrak oso direlako deserosoak. Baina gas toxikoek eta lixibiatuek ez dute mugarik ezagutzen, eta epe luzerako kalteak eragiten dituzte ingurumenean eta gizakion osasunean.
Zabortegi zaharkituak errauste-plantaren proiektuarekin ordezkatzeak arazo horiek areagotzea besterik ez du ekarriko. Izan ere, erraz birziklatu daitekeen hondakin asko erreko litzateke, horretarako, energia-kantitate handiak xahutuz. Hondakin arriskutsuak isurtzeko zabortegien beharra dauka errauste-sistema honek. Horrez gain, tenperatura altuetan gertatzen diren erreakzioetatik gas toxikoak jaurtitzen dira, eta urtetik urtera arnasten dugun airearen kalitatea hondatzen joango da. Errauste-planta epe luzerako kalte eta arazoen iturburua da.
Bosgarren edukiontzia: eredu ezberdinak eta emaitzak
Bosgarren edukiontziarekin materia organikoa bereizita biltzeko aukera badago, baina aukera hori mugatua da, parte-hartzea borondatezkoa baldin bada. Programa horretan parte-hartzeko borondatea agertzen duten herritarrek soilik bereizi dezakete materia organikoa.
Txartel bidez irekitzen den edukiontzi marroia ezarriz gero, eman diren datuen arabera, gaikako bilketak zertxobait gora egiten du; baina errefusaren edukiontzia irekita utziz gero nekez gainditu daiteke %40ko gaikako bilketa. Kasu horretan, gainera, bio-hondakina jasotzen den edukiontzi marroian jasotzen dena kaltetu egiten da, inpropioak igotzen baitira; ondorioz, organikoa konpostatzeko arazoak sortzen dira.
Errefusaren edukiontzia ere giltzarekin itxiz gero, zenbait lekutan %60ko gaikako- bilketara iritsi direla diote; hala ere, ontzi arin, paper eta, bereziki, bio-hondakinarentzako edukiontzietan inpropioek gora egiten dute, eta honek gaikako bilketaren kalitatea txartzen du.
Eredu honetan, edukiontzi marroiaren inpropio mailak %15 gainditzen du, eta kasu askotan, bere konpostatze-aukera eragozten du; ondorioz, kalitate oneko beste bio-hondakin loteekin nahastea ezinezko bihurtzen da.
Eredu honetan, ontzi arinen edukiontzian %25eko inpropioak aurki daitezke.
Seigarren edukiontzia: pardelak biltzeko edukiontzia
Aurreko ereduei seigarren edukiontzia gehitu diotenak ere badira: pardelentzako edukiontzia. Kasu honetan, gaikako bilketak gora egin dezake pardelak errefusaren edukiontzian ez botatzeko aukera ematen baita; baina argi izan behar da, erabiltzaileen esku geratzen da pardelak non bota erabakitzea.
Atez ateko bilketa
Birziklatu daitekeen guztia benetan birziklatzeko era bakarra bilketa-sistema aldatzea da. Hondakinak atez ate biltzeko sistemaren aldeko apustua egin behar da.
Atez ateko bilketari esker legea betetzen da, Europako zuzentarauak agintzen duen bezala materia organiko guztia nahastu gabe biltzen delako. Gainera, bakoitzak sortutako organikoa atean bertan jasoz gero, kalitatea ere askoz hobea da; inpropio maila %1etik oso beherakoa da. Azken emaitzak: Usurbil %0,49 (2019/02/18) eta Hernani %0,14 (2019/02/21).
Atez ateko bilketarekin berehala lortzen dira emaitza ikusgarriak. Herritar guztien kolaborazioari esker, %80tik gorako bilketa selektiboaren maila lortzen da, eta, ondorioz, birziklagarria den material ia guztia birziklatzera eramaten da.
Atez ateko bilketa sistemak ez du alternatibarik. Teknikoki eta ekonomikoki bideragarria dela frogatzen duten hainbat esperientzia dago munduan, herri txiki eta hiri handietan.
Lehen urratsak
Herritarrak, merkatariak eta industria-poligonoak kontutan izanik, hondakinen kudeaketa antolatzeko aholkularitza-zerbitzua ematen dugu. Atez atekoa herrira egokitu eta martxan jartzeko faseak eta tenpusak zehazten ditugu.
Bilketa dimentsionatzeko aholkularitza
Bilketa dimentsionatzen dugu ezarpenaren hedapena, herritarren beharrak eta herriaren ezaugarriak kontuan hartuta. Herriaren bereizgarrietara, ohituretara edo mugimendu joeretara egokitzeko ahalmena du atez ateko bilketa selektiboak.
Hori guztia kontuan hartuta dimentsionatu eta egokitu behar da atez atekoa herri bakoitzera. Kamioien ibilbideak, bilketa-egunak, merkatarientzako bilketa-zerbitzu osagarriak zehaztu, eta atez atekoaren bideragarritasuna neurtu behar da.